XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Igandean Tolosa'n eta Lekunberri'n

Garai batean astero erri prankotan izaten genituen ganadu-periak joan ziran pikotara.

Adibidez: Tolosa'n astelenero izaten zana nola aztu?

Xenpelar'en betroiaren bertso sonatuak ere, Ernani'n ostegunero izaten zan ganadu-perian dute sorrera:

Ostegun juandanian
amabost Ernani'n,
betroi baten trabutak
genduen egin.

Betroia zer dan ez dakienik iñor balego: esne asko dun bei pintoa.

Asteroko oiek galdu bazaizkigu ere, Udaletxe, Aldundi eta abarren laguntzaz urtean bein egiten diran peri oiek artu digute ospe izugarria.

Datorren igandez, urriaren 10'an ain zuzen, nola Tolosa'n ala Lekunberri'n, urteko peri aundi oiek ditugu izatekoak.

Nola batean ala bestean izango da ganadu eta arraza ederrik; banatuko diran sariak ere ez dira izango nolanaikoak eta arraza oneko bigantxarik etxeratu nai dunak ere, izango du aukera.

Ondo dakigu, Tolosa'koan eta Lekunberri'koan berri; Naparro'koa, aberez ere ondo osatzen da, beitik ezezik.

Gaur ibiltzeko daukagun egokierakin, bi periak ikusiko ditunik ere izango da jendea pranko.

Egia da, negar egiteko arrazoirik asko badegula, baiña gaur ainbat ganadu eder ez da izan sekula Euskalerrian.

Besarkatzeko gogoa ematen duten ganaduak ikusten bai dira zorionez.

Irakurle, peri-zalea bazera, badezu aukera datorren igandearekin.

Eguraldiarekin dago gora-bera puska bat; Tolosa'ko peri-plaza estalia da, baiña Lekunberri'n ez det uste orralakorik daukatenik.

Txarretik asko izan degu, eta onak ere izango ditugula ziartu egon.

Lekunberri'ra joateko itza emana nago eta ez det izango Tolosa'koa ikusteko aukera aundirik.

Saiatuko naiz ikusitakoa adierazten.

Gaur ainbat ganadu eder ez da izan sekula Euskalerrian.

Udalaitz Eguna

Arrasatearrak, Pillarika egunez, urtero zintzo ospatzen dute Udalaitz Eguna eta aurtengoa ere ez daukate aztuta, Jon Ugalde adiskideak adierazten didanez.

Beraz, urriaren 12'an, goizeko 9'tan izango da erteera Udala Auzotik.

Aurten bereziki, mendian il ziran iru oñatiar gazte omenduko dituzte Udalaitz gaillurrean.

Pernando Markinez eta Ester Galdos senar-emazteak eta Iñigo Ibarrondo.

Baita ere gogoan izango dituzte, Udalaitz-zale izan ziran Balzategi, Salaberri, Arana, Jauregi, Agirre eta Saiz.

Goza bezate Betiko Atsedenean.

Meza Santuaren bukaeran, Aita Lekuona'ren -Udala Mendi- abestuko da:

Udala Mendi, Udala Mendi,
Euskal aitzik zutunena.
Araba alboan, erdi Bizkaia ta
erdi Gipuzkoa aizena
Zeruko Jaunak eukiko al au
beti gaur bezain zuzena,
eu aizen arte zutunik dedin
Euskaldunaren izena

Oarra: Eguraldi txarra balitz, Udala auzoan izango da Meza egoardiko 12'tan, Esteban Deunaren elizan.